Berriak



KAEko hiru estropada egingo dituzte Pasaiako badian


Uztailaren 10ean, 11n eta 18an izango dira; Pasaiako badian bost estropada izango dira denera aurten.

KAE Kantauriko Arraun Elkarteak zehaztu ditu 2010 sasoirako estropadak, KAE1ekoak eta KAE2koak hain zuzen. KAE1 Liga ekainaren 26an hasiko da, Donostian, eta KAE2ko estropadak ekainaren 20an hasiko dira, Luancon (Asturias, Espainia). Eskualdeko arraun elkarteek hiru estropada antolatuko dituzte, hiruak Pasaiako badian.

San Miguel ligakoak, segidan

Eskualdean KAEren baitan egingo Pasaiako badian dituzten estropadak hiru izango badira ere, Traineru Kluben Elkarteak (TKE) antolatzen duen San Miguel ligakoak bi izango dira: uztailaren 24an, arratsaldean, San Juanek antolatuko du estropada, eta hurrengo egunean, Santio Egunean (eguerdian) hain zuzen, Sanpedrotarra Arraun Elkartearen esku geldituko da arraun lehia antolatzea. Beraz, aurtengo sasoian, bost traineru estropada izango dira denera badian.

Hala, Trintxerpe-Illunbek uztailaren 10ean antolatuko du KAE1eko estropada badian (17:00etan hasiko da). Sanpedrotarra Arraun Elkarteak bi traineru izango ditu lehian aurten, eta bigarren trainerua KAE2n ariko denez, uztailaren 11n egokitu zaie estropada antolatzea (12:00etan). Hibaika Arraun Elkarteak, berriz, uztailaren 18an (12:00etan) egingo du KAE2 Ligaren baitan antolatu behar duen estropada.

KAE1 ligaren baitan hamalau estropada egingo dituzte; KAE2 liga, berriz 17 estropadak osatuko dute. Jaitsiera eta igoera plazak erabakitzeko estropadak irailaren 4ean eta 5ean egingo dituzte.

 

 

 



Bookmark and Share

 

« Itzuli

Firefox 2, Internet Explorer 7 edo hobeagoak diren nabigatzaileentzako egokitua