Este fin de semana comienza la liga de trainerillas
Zokoan emango diote hasiera igande honetan Trainerillen Ligari, 11:30ean; eskualdeko taldeak izango dira bertan
Batelen lehiak bukatzear daudenean, Gipuzkoako Trainerillen Liga aurki helduko da, igande honetan (hilaren 25ean), hain zuzen ere. Zokoan (Lapurdi) emango zaio hasiera ligari, eta bertan, orain arte bezala, eskualdeko arraunlariak izango dira nor baino nor. Estropada 11:30ean hasiko da.
Zazpi jardunaldi izango ditu Trainerillen Ligak. Igande honetakoa lehenengoa izango da, eta ondoren beste sei estropada jokatuko dituzte arraunlariek. Hurrengo biak maiatzaren 1ean (Donostian) eta 2an (Getarian) izango dira.
Laugarren jardunaldia, Donibanen
Pasaiako badiako uretan ere Trainerillen Ligak tokia izango du, maiatzaren 8an, hain justu. Txapelketako laugarren jardunaldi hori 16:00etatik aurrera jokatuko da.
Donibanekoaren ondoren, hiru jardunaldi gehiago izango dira: maiatzaren 9an Hondarribian, maiatzaren 15ean Orion, eta maiatzaren 16an Donostian.
Gipuzkoako Txapelketa, gero
Trainerillen Liga jokatu ondoren, Gipuzkoako Trainerilla Txapelketa dator. Kasu horretan, maiatzaren 22an emango zaio hasiera, Mutrikun. Asteburu horretan hasi eta bukatuko da Gipuzkoako Trainerilla Txapelketa. Maiatzaren 29an eta 30ean Euskadiko Trainerilla Txapelketa jokatuko da, eta ekainaren 5ean eta 6an, berriz, Espainiako TrainerillaTxapelketa. Lehia horietan, larunbatetan sailkapen probak izango dira, eta igandetan, aldiz, finalak.
Batelen jarraipena
Joan den asteburuan Euskadiko Batel Txapelketa izan zen, eta oraingo honetan Espainiako Batel Txapelketa jokatuko da Ferrolen (Galizia). Bi eguneko txapelketa izango da hau ere; larunbatean sailkapen probak egingo dituzte arraunlariek, eta igandean finalak izango dituzte.











